Erabiltzen ez diren autoen bidez altzariak sortzea, Txorierrin Ideia Ekintzaileen V. Bideo Lehiaketa irabazi duen ideia

by | Feb 5, 2024

Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateak ostegunean, otsailak 1, egin zuen Derioko Kultur Birikan 2023ko Ideia Ekintzaileen bideo-lehiaketaren sari banaketa. Lehiaketa hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Gaztedi Txorierri programaren barruan egin da, eskualdeko gazteen artean ekintzailetza sustatzeko helburuarekin. Bertan izan ziren Jon Ander Aurrekoetxea, Lezamako alkate eta Txorierriko Mankomunitateko presidentea, Naia Landa, Sondikako alkatea, Eugenio Díaz, Politeknika Txorierriko zuzendaria, Iñigo Mazo, EGAZ Txorierriko ekintzailetza-teknikaria, eta Ander Bilbao, bailarako ekintzailea.

Naroa Aresek, Maialen Corcuerak eta Mikel Garrigak egindako FURNI-CAR proiektua izan da lehiaketaren 5. edizioko irabazlea, eta 500 euroko balea eskuratu du. Indarrean dauden ingurumen-araudien arabera zirkulaziotik kanpo dauden ibilgailuei bigarren bizitza bat eskaintzeko ekimena ondo baloratu du epaimahaiak, hauei etxerako altzarien eta dekorazio-elementuen forma emanda. Bigarren postua SUN CASE (Aitor Altube, Peio Herrán eta Gartxot Solaun) negozio-ideiarentzat izan da, mugikorrerako zorro bat proposatuta gailua eguzki-energiaz kargatu ahal izateko, 350 euroko balea eskuratuz. Azkenik, GREENTICAL proiektuak (Jon Lekue, Ane Sánchez, Unai Valdizán eta Dione Velásquez), hirietako eraikinen fatxadetan berdegune berriak sortzeko eta kutsadura murrizteko lorategi bertikalak jartzean datzanak, 3. saria jaso du, 150 euroko balea. Sari horiek guztiak produktu elektronikoak erosteko izango dira.

Guztira, Txorierriko Ideia Ekintzaileen V. Bideo Lehiaketan 40 pertsonak hartu dute parte, Politeknika Txorierriko ikasleek eta eskualdeko 16 eta 29 urte bitarteko gazteek, 12 proiektu aurkeztu baitituzte.

Txorierriko Zerbitzu Mankomunitatea pozik dago izandako harrera eta parte-hartzearekin, aurten ere. Urtetik urtera gero eta gazte gehiago animatzen dira parte hartzera eta, gainera, ideia oso positiboak dituzte. Ekintzailetza etorkizuneko alternatiba bikaina da gazteentzat, eta, horregatik, haien ezagutzak landu eta sormena sustatu behar dugu esparru horretan .

0 Comments

Submit a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Calendario

Urria 2024
M T W T F S S
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930